1. 2026an egin nahi diren mintegietarako proposamenak 2025eko otsailaren 28rako bidali behar dira. Proposamenak LSNEko dagokion Batzordeak aztertuko ditu. Bereziki ondo hartuko ditugu LSNEan berriak diren norbanakoen zein taldeen proposamenak.
2. Mintegiok 2026ko apiriletik uztailera egingo dira. Ostegun eta ostiraletan izango dira, eta parte-hartzaileak asteazken arratsalde edo iluntzean iritsiko dira Oñatira. Jarraibide horiek erraztu egiten dute mintegiok antolatu eta koordinatu ahal izatea, eta konferentzietako pakete berezia ezarriko da (ikus behean). Hala antolatuz gero, mintegiak lehenago hasi eta beranduago amaitu daitezke, baina, kasu horretan, antolatzaileek ordaindu beharko dituzte sortzen diren gainkostuak. Proposamenean ipini behar da taldeak nahiago duen data, baina, proposamena onartzen bada, LSNErekin batera adostu beharko dira datak, eta azken erabakia LSNErena izango da.
3. Proposamenak honako guztia jaso beharko du:
(i) Eskaera-orria;
(ii) Proposatutako koordinatzaile bakoitzaren CV (CV bakoitzak ez du orrialde bat baino gehiago izan behar);
(iii) Antolatzaileen izen-abizenak eta harremana; egoera profesionala, zein erakundekoak diren, e.a. Antolatzaile bat baino gehiago baldin badago, LSNErenganako harreman-pertsona bat identifikatu behar da;
(iv) Parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda, haien informazio profesionalarekin eta erakundeekin. Zerrendan dauden guztiak ados egon behar dira bertan egotearekin eta, beraz, mintegira joateko asmoa izan behar dute. Proposamena onartzen bada, behin betiko zerrenda eskatuko zaie antolatzaileei, parte-hartzaile bakoitzaren kontaktu-informazioarekin. Taldeak 15 eta 25 lagun artekoak izan beharko dira. 25 lagun baino gehiago etortzea nahi bada, mesedez, galdetu LSNEri. Batzar-gelak 20-25 lagun har ditzake gehienez ere;
(v) Mintegiaren behin-behineko egitaraua, hitzaldi eta artikuluen izenburuekin. Mesedez, kontuan izan Oñatiko jatetxeek 13:00etatik aurrera zerbitzatzen dutela bazkaria, eta 21:00etatik aurrera, afaria. Kaferako atsedenaldiak gutxienez 15 minutukoak izatea gomendatzen da. Sarri erabiltzen den ordutegi bat honakoa da: 09:15-11:00; 11:15-13:00; eta 14:45-16:15; 16:30-18:00.
4. Proposamenen balorazioa.
Balorazioan, honakoei begiratuko zaie:
- Kalitatea. Lege soziologiari proposatutako mintegiak egingo dion ekarpena garbi azaldu behar dute eskatzaileek. Proposatzaileak gai izan beharko dira mintegi-esperientzia baliagarria eta inspiratzailea aurrera eramateko, beraien ibilbidea eta eskarmentuaren (adin akademikoa kontuan hartuta), potentzialaren eta konpromisoaren arabera. Kontuan hartuko da ere LSNEk beraien eskura jarriko dituen argitalpen-bideetako bat erabilita argitalpen arrakastatsua egiteko aurreikuspena (ikus 6. puntua);
- Originaltasuna. Eskaera egiterakoan, proposatutako mintegia zertan den originala azaldu behar da. Bereziki baloratzen ditugu ikerkuntza-bide berriak eta konexio berriak sortzen dituzten mintegiak, ikerkuntza sozio-juridikoari ekarpena egiten dioten heinean. Antzeko gai bat beste mintegi baten landu izan denetan, proposatutako mintegia zertan desberdintzen den azaldu beharko da.
- Parte-hartzaileen jatorri zabala. Parte-hartzaileak hainbat lekutakoak izatea baloratuko da, bai nazioartekoak bai bertakoak, euskal erakundeetakoak, eta beste ikuspuntu kultural batzuetakoak. Mintegiek ez dute zertan ingelesez izan, eta hizkuntza barietatea ondo hartzen da (adibidez, espainiera harreman-hizkuntza gisa; mintegi elebidunak). Barietatea egon beharko litzateke ere parte-hartzaileen adin akademikoari dagokionez, hala nola ibilbide hasieran dauden ikertzaileak zein doktoretza- edo doktore-osteko ikasleak, ibilbidea hasi berri duten ikertzaileak zein eskarmentu handiko ikertzaileak. Eskaera-orrian argi adierazi behar da zein parte-hartzaile dauden parte hartzera konprometituta, asterisko batekin (*).
- Euskadirekiko garrantzia. Lege soziologiari ekarpena egingo liokeen edozein gairen inguruko proposamenak egin daitezke. Hala ere, zientzia gizarteratzeko konpromisoa ere badaukagunez, Euskadirekiko loturak ere bilatzen ditugu. Hori dela eta, urtero, gutxienez, tokiko kolaboratzaileen mintegi bat hartzeko helburua dugu. Nazioarteko eskatzaileei ere dei egiten diegu mintegi proposamenak tokiko jendearenganako zein garrantzi izan dezaken azaltzera.
Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegorako bereziki garrantzitsuak diren zenbait gai zerrendatzen dira:
- Gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak, justizia leheneratzailea eta justizia terapeutikoa.
- Justizia Administraziorako irisgarritasuna, arrazoi sozioekonomikoengatik, adinagatik, desgaitasunagatik, generoagatik, osasunagatik eta abarrengatik kalteberak diren kolektiboentzat.
- Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko legeriaren eraginaren analisia eta ebaluazioa, arreta berezia jarriz Euskal Autonomia Erkidegoko legegintza-ekoizpenari.
- Oinarrizko hezkuntza juridikoa. Herritarrek zuzenbidearen mundua hobeto ezagutzeko ekimenak, beren eskubideen kontzientziari arreta berezia eskainiz.
- Zuzenbideko profesionalen prestakuntzaren eta kualifikazioaren bilakaera, eta horien diziplinarteko irekiera.
5. Antolatzaileen ardura izango da mintegiaren antolakuntza intelektuala, eta LSNEk laguntza logistikoa eskainiko die. LSNEk ezin du inolako asegururik eskaini; beraz, parte-hartzaileen ardura da bidaia eta osasun asegurua izatea eta horrek dakarren gastuei aurre egitea.
6. LSNEk bere argitalpen-kanalak mintegien esku jartzen ditu: Oñati Socio-Legal Series (OSLS) aldizkari internazionala, Web of Science-ren ESCI eta Elsevierren Scopus datu-baseetan indizatua, besteak beste; eta bere liburu bildumak, alegia, Oñati International Series in Law and Society, Bloomsbury-Hart argitaletxearekin, eta Oñati: Derecho y Sociedad, Dykinson argitaletxearekin. Mintegiak dirauen bitartean, parte-hartzaileei sesio labur bat eskainiko zaie argitalpen aukerak azaltzeko. Arau orokorra da mintegia egin ahal izateko, LSNEri argitalpenen preferentzia eman behar zaiola. Antolatzaileek beste argitalpen asmo batzuk baldin badituzte, mintegi-eskaera egiteko momentuan adierazi beharko dituzte. Informazio gehiagorako, jarri harremanetan Leire Kortabarriarekin edo irakurri gehiago esteka honetan.
7. Mintegi proposamena onartzen bada, proposatzaileari konfirmazioa eskatuko zaio. Gero, mintegiaren data eta izenburua LSNEren webgunean eta beste euskarri batzuetan argitaratuko dira. Mintegia egin baino 4-5 hilabete lehenago berriz harremanetan jarriko da LSNE antolatzailearekin, parte-hartzaileen behin betiko zerrenda, kontaktu-informazio osoa, eta behin betiko egitaraua eskatzeko. Gero, LSNEk gonbidapena bidaliko die parte-hartzaileei, aurre-izenemate eta izenemate orri banarekin. Gutxienez mintegia egin baino 6 aste lehenago, egitarau osoa LSNEri bidali beharko zaio. Mintegia baino hiru hilabete lehenago bidali beharko dute parte-hartzaileek izenemate orria, behar bezala beteta. LSNEk parte-hartzaile guztiei bidaliko dizkie egitaraua eta parte-hartzaileen zerrenda. Egitaraua eta antolatzaileen izenak LSNEren webgunean argitaratuko dira.
8. LSNEk mintegiak aurrera eramateko dituen zerbitzu-gastuei aurre egiten laguntzeko, izenemate-tarifak ordaindu behar dituzte parte-hartzaile guztiek, baita antolatzaileek ere. Tarifa horiek mintegi-paketea osatzen dute eta, horien truke, LSNEk zenbait motatako zerbitzua emango die antolatzaile eta parte-hartzaileei. 2026rako tarifak hauek dira:
- RCSLko kide ez diren profesionalek: 175€;
- RCSLko kide diren profesionalek: 150€;
- Ikasleek, langabeek eta erretiratuek: 70€.
Oharra: Tarifa hauek 2025 urtean zehar berrikusi ahalko dira. Parte-hartzaile guztiek, antolatzaileak, aurkezleak eta parte-hartzaileak barne, goian aipatutako tarifak ordaindu beharko dituzte, beren parte-hartzearen iraupenarekiko edo zirkunstantzia zehatzekiko bereizketarik egin gabe. Salbuespenak egin ahal izango dira bakarrik bereziki iragarritako ekintzetan, zeintzuk ireki ahal izango dira beste gonbidatu batzuei baldintza mesedegarrietan; betiere, ekintza horiek ez dute eskubiderik emango otordu edo mokaduetarako edo beste mintegi zerbitzu batzuetarako.
9. Mintegiko paketean sartzen dira mintegiko espazioak erabili ahal izatea, oinarrizko otordu eta kafeak, zein garraio zerbitzuak eta antolakuntza laguntasuna.
Kafeak, mokaduak eta otorduak: Mintegiko paketean sartzen dira jatetxeetan bi otordu, ongietorri mokadu edo afari bat eta bi egunetako kaferako atsedena. Otorduak eguerdian izango dira. Parte-hartzaileak, bere kabuz, Oñatiko taberna edo kafetegietara joan ahal izango dira, beraien poltsikotik ordainduz. Jatetxe batzuek menua eskaintzen dute, eta taberna eta kafetegi askok pintxoak eskaintzen dituzte. Ordaintzeko ahalmena duten antolatzaileek bestelako otordu motak edo aldaketak eska ditzakete, adibidez, maila handiagoko jatetxe baten bazkaltzea, eta kasu horretan, zuzenean jatetxeari ordaindu beharko diote. Maila handiko jatetxeak daude Oñati inguruan eta baliteke hara joateko aparteko garraio modua behar izatea; hori ere aparte ordaindu beharko dute.
Garraio zerbitzua: Paketearen barruan, LSNEk Zumarragako tren geltokitik edo Bilboko aireportutik Oñatira autobusa antolatu eta ordainduko du bezperan, eta Oñatitik aireportura edo geltokira, biharamunean, honela:
- Bilbotik Oñatira, asteazkenean, 19:00etan, eta Bilboko aireportutik Oñatira 19:30ean;
- Zumarragako tren geltokitik Oñatira, asteazkenean, 19:30ean;
- Oñatitik Bilbo hirira edo aireportura, zein Zumarragako tren geltokira, mintegi biharamunean, larunbatean, 08:30ean.
Parte-hartzaileek "IISJ/IISL" siglak eta LSNEren logoa duen txarteldun gidariarengana joan beharko dute.
Antolakuntza laguntasuna: LSNEko lantaldeak antolakuntza lanetan eta, bereziki, Antia egoitzan alojamendua gordetzen, otorduak eta garraioak antolatzen (mintegi-paketearen barne dauden neurrian), ordainketa egiten eta komunikazio lanetan lagunduko du. Mintegirako idatziak eta dokumentuak parte-hartzaileen eskura jar ahal izango dira LSNEren intranetean. Mintegi egunetan, LSNEren lantaldea gertu egongo da argibideak emateko eta dena aurreikusi bezala doala ziurtatzen laguntzeko.
Beharrezkoa baldin bada, parte-hartzaile guztiek alojamendua ordaindu beharko dute. Egoitzan, 18 laguni banakako gela eskain diezaiekegu (mintegiaz aparte momentu horretan zenbat bisitari dauden kontuan hartu beharko da), oso prezio onean. Antian ez da gosaririk zerbitzatzen, baina inguruan tabernak eta kafetegiak daude. Antian geratzen ez diren parte-hartzaileek Ongi/Iraipe hotelean edo Zumeltzegi hotelean har dezakete ostatu; horietako prezioak handiagoak dira. Izenemate orrietan bakoitzak ipini duen dataren arabera egingo dira erreserbak. Antia egoitzan ostatu-erreserba Institutuaren bidez egin ahal izango da. Hoteletako ostatu-erreserbak interesatuek egingo dituzte zuzenean.
Mintegi-gela egokituta dago 20-25 lagun arte hartzeko. Ekipamendu teknikoa dago, eta hura martxan jartzeko laguntza emango dugu. Edateko ura egongo da gelan. Parte-hartzaile bakoitzaren lekua izendatuta egongo da.
6. puntuan esan den bezala, paketea osatzen da argitaratzeko laguntzarekin.
10. Parte-hartzaileek antolatu eta ordaindu beharko dituzte nazioarteko bidaiak.
OHARRA: Mintegia bertan behera geratuko da 15 parte-hartzaile baino gutxiago baldin baditu.
Workshop Coordination Team
Avenida de la Universidad, 8
Apartado 28
20560 Oñati (Gipuzkoa) - Spain
T: +34 943 78... Ver teléfono
E: workshop@iisj.es