Antropozenoa izango da LSNEko bigarren mintegiko ardatza
Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak hartuko duen hurrengo mintegiaren gaia klima-justizia eta Antropozenoa izango da. Mintegia maiatzaren 2an eta 3an izango da, eta Sam Adelman (Warwick-eko Unibertsitatea, Erresuma Batua) eta Louis Kotzé (North-West Unibertsitatea, Hego Afrika) irakasleek koordinatuko dute. Horiez gain, beste 15 bat aditu bilduko dira Oñatin.
“Antropozeno” izena erabiltzen dute adituek gaur egungo aroa izendatzeko, hau da, gizakiak menderatutako aroa, klimari dagokionez. Koordinatzaileen esanetan, kontzeptu hura kontzientzia publikoak bere egin du dagoeneko, eta “klima-justizia kokatzeko kontzeptu erabilgarria da”, baina “problematikoa” ere bada, izan ere, “gizaki guztiak beroketa globalak dakartzan kalteen erantzule direla” aditzera ere ematen du.
Mintegiak dirauen bi egunetan zehar, besteak beste, honako gaiak eztabaidatuko dituzte: klimarekin zerikusia duten arriskuen banaketa justua, nork eman beharko lituzkeen kalteetara egokitzeko baliabideak, edo klima-justizia genero-justiziarekin, justicia globalarekin edo banaketa-justiziarekin nola lotzen den.