Astelehenean inauguratuko da masterreko 2024/25 ikasturtea

Estudiantes llegando al IISJ.
20 Ira 2024
Astelehenean, irailak 23, Oñatiko LSNEk ematen duen Lege Soziologiako Nazioarteko Masterraren (EHUko master ofiziala) 2024/25 ikasturtea inauguratuko da. Ikasle berriei ongietorria egingo diete José María Sauca LSNEko zuzendari zientifiko berriak, Joxerramon Bengoetxea masterreko zuzendari ohi eta EHUko errektoregaiak, Iker Nabaskues egungo masterreko zuzendariak eta Aitor Jiménez LSNEko irakasle ikertzaile elkartu eta masterreko irakasleak, eta LSNEko zuzendari eta langileek. Ongietorri-kafea izango da 11:30ean, eta 12:30ean lehen eskola eguna izango dute, Joxerramon Bengoetxeak emango duen Legal Cultures: A Comparative Perspective ikastaroarekin.

Ikasturte honetan, bost kontinenteetako 13 herrialdetako 15 ikasle matrikulatu dira, eta astelehenean Oñatin izango dira gehienak; gainerakoak datozen egunetan ailegatuko dira. Herrialde hauetatik datoz: Espainia, Portugal, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Austria, Letonia, Estatu Batuak, Egipto, Bangladesh, Irak, Turkia eta Australia. Horiek guztiak hautaketa-prozesu zorrotz batetik igaro dira, eta eskaeren kupoa bete da.