COVID-19ren gaineko LSNEren oharra
COVID-19ren GAINEKO INFORMAZIO-OHARRA
2020ko martxoaren 6a
Koronabirusaren inguruko zenbait kontsulta jaso ditugu. LSNE arazo honen inguruko informazioaren eta eboluzioaren gainean egon da, gure ekintzengan eta, are garrantzitsuago dena, gure ikasle, bisitari eta langileengan izan dezakeen eraginarengatik.
Lan zaila da hori, izan ere, jasotzen ditugun txostenak egunero aldatzen dira, baina, oraingoz, ez Osasunaren Mundu Erakundeak, ez Europako Batasunak, ez eta Espainiako eta Euskadiko gobernuek ez dute, gure iritziz, LSNEk datozen hilabeteotarako duen plangintzari eragin diezaioketen neurririk hartu (ikus bukaeran dauden estekak).
Espainiako eta Euskadiko agintari publikoek zenbait protokolo ezarri behar izan dituzte, osasun langileak eta jende guztia informatuta edukitzeko infekzioaren zenbait sintomaren aurrean nola jokatu, eta berehala behar den tratamendu medikua emateko. Protokolo horiei jarraituz, Euskadiko osasun sistema publikora jotzeko gomendatu behar diogu gripe sintomak, arnasa hartzeko zailtasunak edo sukarra duen edozeini, behar diren probak egin eta diagnostikoa jasotzeko. Zorionez, ez Oñatiko herriari ez eta LSNE osatzen dugunoi ez digu COVID-19k orain arte eragin.
Hala ere, kontuan izan behar dugu zenbait herrialdek (esate baterako, Txinak, Hego Koreak, Italiak, Suitzak eta beste askok) bidaiatzeko murrizketak eta bestelako prebentzio-neurriak hartu dituztela, eta horiek gure bisitari izan daitezkeenei eragin diezaieketela. Kanpotik datozen neurri horiek eragin egin diezaiokete ere gure plangintzari. Hori dela eta, zuen guztion laguntza eskertuko dugu, eta eskatuko dizuegu LSNErekin zerikusia duen eta aurreikusita duzuen edozein ekintzari eragin diezaioketen edozein informazio garrantzitsu guri jakinaraztea.
LSNEra etortzeko asmoa duen edozeinek bere bisitaren inguruko erabakia hartu beharko du bere osasunaren zein bere herrialdearen gomendio eta bidaia mugak kontuan hartuta, eta horren guztiaren eragina LSNEren ekintzetan ere kontuan hartuta. Erabaki horrek norberak egindako balorazio pertsonal eta ondo informatuaren ondorio izan beharko du, baina, gure aldetik, erabakia hartzen lagun diezazukegu, gure esku dagoen informazio eguneratuena emanez.
Zehazki, mintegietako antolatzaileei gonbita egiten diegu parte-hartzaileekin batera egoera azter dezaten eta gogoeta egin dezaten ahalik eta bilera onena egiteko moduaz, baita parte-hartzaile gutxiago izatera zein aurkezpen batzuk Skype bidez egin daitezen onartzera behartzen baditu ere.
Oro har, gaur arte egin diren gomendio ofizialen arabera, momentu honetan ez dago inongo eragozpenik LSNEn gure bisitariei ongietorria egiteko, nahiz eta nazioartean hartutako neurri batzuek haien etorrera zaildu dezaketen. Horregatik, gure oraingo jarrera ohiko gure ekintzei eustearen aldekoa da. Hala ere, egoera aldatuko balitz, eta gertakizunek hala justifikatuko balute, gure jarrera aldatzeko erabakia har genezake, hartuko genituzkeen neurriez lehen bailehen informatuz.
Oraingoz, eta egoera berezi hauen aurrean, honako neurriak hartu ditugu:
- Parte-hartzaileei aukera ematea hitzaldi edo aurkezpen grabatuak egiteko edo Skype bitartez esku hartzeko, parte-hartzaile horiei gobernuek ezarritako osasun zein bidaiatzeko murrizketek eragiten badiete eta murrizketa horiek behar bezala dokumentatzen badituzte;
- Oso garrantzitsua: LSNEk ez du inolako erantzukizunik izango, eta ez du inongo diru-itzulera erreklamaziorik hartuko, bidaiaren bat bertan behera utzi behar izateagatik edo gobernuek, osasun agintariek edo garraio enpresek hartutako bestelako erabakiengatik. Hala ere, mintegietako parte-hartze tasak itzultzeko eskaerak aztertuko ditu LSNEk, eta baita bisitarien halako eskaerak ere. Eskaera horiek arrazoituta egon beharko dira, eta arrazoiak ,behar bezala dokumentatuta. Banku-transferentzia gastuak tasen zenbateko garbitik kenduko dira.
- Kasuan kasu aztertuko ditugu 2020rako planifikatutako mintegiak 2021era atzeratzea, baina, gure antolakuntza-egutegia kontuan hartuta, zaila izango dela ohartarazi behar dugu;
- Bisitariak aurresan baino beranduago etorri ahal izango dira.
LSNEk egoera aztertzen jarraituko du une oro. Ahal dugun guztia egiten gabiltza gure erabakien inguruko gardentasuna bermatzeko egoeraz hausnartzen jarraitzen dugun bitartean, kontuan izanda gure erabiltzaileok izan dezaketen kezka guztiz ulergarria.
Mesedez, jar zaitezte gure lantaldeko kideekin harremanetan bestelako edozein informazio behar baduzue.
Adeitasunez,
Maite Elorza
LSNEko administrazio-zuzendaria
Noé Cornago
LSNEko zientzia-zuzendaria
Informazio gehiago:
Osasunaren Mundu Erakundea: https://www.who.int/health-topics/coronavirus
Europako Batasuneko Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako zentroa (ingelesezko informazioa)
https://www.ecdc.europa.eu/en/covid-19/all-reports-covid-19 / https://www.ecdc.europa.eu/en/novel-coronavirus-china/sources-updated
Espainiako Osasun Ministerioa:
Osasun Ministerioa, informazio eguneratua: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/situacionActual.htm
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila:
EHUren, gure erakunde lankidearen gomendioak: https://www.ehu.eus/eu/-/informacion-de-la-situacion-del-coronavirus-o-covid-19