Kongresuaren arrakastaren ondoren, LSNEren ohiko egitarauak jarraitzen du
Linking Generations for Global Justice nazioarteko kongresua, Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak eta Research Committee for the Sociology of Law-k elkarrekin antolatua eta Oñatin egin dena ekainaren 19tik 21era, erabateko arrakasta izan da, bai akademikoki, bai antolakutnza aldetik. Hori dela eta, LSNEk bihotzez eskerrak ematen dizkie kongresua babestu, antolatzen eta Aurrera eramaten lagundu eta bertan parte hartu duten guztioi. Mundu osoko 300 bat lagunek parte hartu zuten, eta sesio akademiko guztiak interes eta gaurkotasun handikoak izan ziren. Gainera, inaugurazio ekitaldian –Oñatiko alkate Izaro Elorzaren lehenengo ekitaldi publikoan– omenaldia egin zitzaion Francisco Caballero irakasleari, LSNE sortzen lagundu zuenetako bati. Caballerok, LSNEren beste “aita” batekin batera, Jean van Houtte, LSNEren sorrera prozesuaren bizipenak eta oroitzapenak konpartitu zituen (ikus Kongresuaren argazkiak).
Oraingo eguen eta egubakoitzean, LSNEk bere ohiko egitarauari eutsiko dio berriz, Too much litigation? Facts, reasons, consequences, and solutions izeneko mintegiarekin. Eyal Katvan (College of Law and Business, Israel), Ulrike Schultz (FernUniversität in Hagen, Alemania), Guy Seidman (The Interdisciplinary Center, Israel), Avrom Sherr (University of London) eta Boaz Shnoor (College of Law and Business, Israel) irakasleek koordinatuko dute eta 20 bat aditu batzartuko dira Oñatin. Lege soziologiako azpigai handietako baten inguruan eztabaidatuko dute, hain zuzen ere justizia administrazioa eta legelaritza. Oraingo mintegia zenbait urtetan LSNEn egin den hiru ataleko ziklo baten hirugarren atala da.