"Identitateak eta euskal zuzenbideak" liburua argitaratu da
LSNEk Identitateak eta euskal zuzenbideak izeneko liburu elektronikoa argitaratu du. Eskuragarri dago bere webgunean, Creative Commons lizentziarekin, doan. EHUko irakasle Joxerramon Bengoetxeak koordinatu du, Amane Gogorza (Toulouseko Unibertsitatea) eta Alexandre Zabalzaren (Bordeleko Unibertsitatea) laguntzarekin. Hamalau egilek parte hartu dute.
Koordinatzaileen hitzetan, “euskal identitateak eta tradiziozko zein gaurkide diren gizarte eta zuzenbide motak edo formak disziplina eta metodologia desberdinetatik” arakatzen ditu liburuak. “Etxea, baserria, Biltzarrak, auzoa, elkarlana, ahaidetasuna, migrazioa, mugazbestaldekotasuna, hizkuntzaren normalizatzea, etabarreko gaiak zuzenbidetik, literaturaren soziologiatik, mitologiaren antropologiatik, etnologiatik, historiatik aztertzen dira”.
Hiru erakunde elkarlanean
Liburuaren sorrera elkarlan proiektu baten ondorio da, Bordeleko Montesquieu unibertsitatea eta bertako Institut des sciences criminelles et de la justice alde batetik, eta bestetik Euskal Herriko Unibertsitatea (ehuGune) eta Oñatiko Zuzenbidearen Soziologiaren Nazioarteko Institutua (IISJ) bestaldetik, izan dira elkarlanean jardun diren erakundeak.
Oñatitik bi mintegi antolatu zituzten, Bordelen bata, 2013ko udazkenean eta Oñatin bestea 2014ko udaberrian. Mintegi horietan aurkeztu ziren material edo ekarpen batzuk bildu ahal izan dira libururako, eta horiek gaurkotu eta berbegiratu dituzte egileek.
Hizkuntzen eta identitateen bizikidetza
Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko entseguek osatzen dute bilduma, eta bakoitza idatzi zen hizkuntzan argitaratu da, koordinatzaileek “zinez” sinisten baitute hizkuntzen eta identitateen bizikidetzan. “Hori da liburu honen mezu garrantzitsuetako bat: Euskal Herrian hizkuntza desberdinak egiten direla, eta euskaldunok hizkuntza desberdinetan mintzo garela”.